IKERLAN % 12,5 hazi da enpresekin egindako fakturazioan, eta 25 milioi euroko diru-sarrera errekorra lortu du

Enpresak merkaturatzeko azelerazioa-programa
19 May, 2022
PTGaraia eta MGEPren IzanZTIM ekimenak “STEAM Euskadi” zigilua jaso du
23 May, 2022
Enpresak merkaturatzeko azelerazioa-programa
19 May, 2022
PTGaraia eta MGEPren IzanZTIM ekimenak “STEAM Euskadi” zigilua jaso du
23 May, 2022

IKERLAN % 12,5 hazi da enpresekin egindako fakturazioan, eta 25 milioi euroko diru-sarrera errekorra lortu du

2021 urte konplexua izan zen ekonomiarentzat, eta IKERLAN zentro teknologikoak “bikain” atera zuen aurrera: guztira 25 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen, eta transferentzia teknologikoaren arloko diru-sarrerak nabarmen handitu ziren, % 12,5 hazi baitira 2020aren aldean, eta 12,4 milioi eurora iritsi ziren transferentzia-jarduerengatik. Emaitza horien berri eman da IKERLANen urteko batzarrean, gaur bertan aurrez aurre. Aurreko ekitaldiko kontuak onartzeaz gain, zentroak Espezializazio Teknologikoko Plan berria aurkeztu du. Asmo handiko ikerketa-plana da, eta 2025era arte 50 milioi euro bildu nahi ditu gaitasun eta azpiegitura teknologiko berriak garatzeko.

Ion Etxeberria, erakundearen zuzendari nagusiaren hitzetan, “2021 urte oso positiboa izan da; izan ere, pandemiak eragiten jarraitu digun arren, emaitza bikaina lortu dugu fakturazio-errekorrarekin, enpresetarako transferentziaren bultzadan oinarritutako hazkundea, nahiz eta ikerketa-arloak ere portaera ona izan duen, Administrazioen babes sendoari eta lehiaketa-deialdietan izandako arrakastari esker”. Etxeberriak nabarmendu du, halaber, taldea sendotu egin dela, “17 bazkide berri sartu baitira”, eta ahalegin handia egin dela “talentua enpresetan sartzeko eta enpresetara transferitzeko helburuak betetzeko”.

Transferentzia puntako sektoreetan

Guztira, 2021ean, IKERLANek 25 milioi euro fakturatu zituen, 2020an baino % 4 gehiago; urte horretan 23,8 milioira iritsi baitzen, pandemiaren aurreko urteetan lortutako zifrak gaindituz. Aurreko ekitaldiko alderdirik azpimarragarrienetako bat izan zen 12,4 milioi euro lortu zirela transferentzia-jarduerengatik – 2020an baino 1,5 milioi euro gehiago –puntako eremuetan lanean ari diren enpresekin, hala nola  zibersegurtasuna, adimen artifiziala, robotika eta automatizazio industriala edo energia elektrikoaren biltegiratzea. Datu horrek bere fakturazio orokorraren % 50 adierazten du, eta 2020arekin alderatuta, % 12,5 igo da arlo hori.

Hauek izan dira zentroaren jarduera-sektore nagusiak: garraioa eta mugikortasuna (% 32), fabrikazio aurreratua (% 26) eta energia (% 17). ORONA, CAF, ULMA edo LAULAGUN bezalako bezero-zorro garrantzitsua izan dute ingurune hurbilenean, baita multinazionalak ere, hala nola General Electric, Airbus edo Nestlé. Urtean zehar, zentroak 140 enpresa baino gehiagorekin egin du lan (horietatik % 50 ETEak) 400 proiektutan baino gehiagotan.

Horrez gain, IKERLANek 12,4 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen Administrazioetatik, teknologia lortzeko eta garatzeko jarduerak indartzen jarraitzeko, ondoren enpresei transferitzeko. Diru-sarrera horien % 26,2 Eusko Jaurlaritzak bultzatutako programetatik etorri zen, % 19,2 Europako erakundeek sustatutako ekimenetatik eta gainerako finantziazioa, % 6, Estatuko Administrazio Orokorrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta MONDRAGON Korporazioak finantzatutako proiektuetatik.

Merkatu-unitatea sortzea

IKERLANen urteko beste mugarri garrantzitsu bat Merkatu Unitatea sortzea izan da. Unitate horren helburua da enpresei teknologia transferentzia, start-up-ekin lankidetzan aritzea eta bezeroei zerbitzua ematea. IKERLANen nortasun-ezaugarri eta bere misioa dira, MONDRAGON Korporazioan 70eko hamarkadaren erdialdean sortu zenetik, teknologia enpresetara transferitzea. Unitate hau sortzea beste urrats bat da ibilbide honetan. Bezeroekiko hurbiltasuna indartu nahi dugu, zerbitzurik onena eskaini nahi diegu, eta haien erreferente teknologikoa izaten jarraitu nahi dugu, erronka teknologiko nagusietan laguntzeko, adierazi du Ion Etxeberriak.

Start-up-en kasuan, IKERLANek bere apustu teknologikoekin bat datozen ekimen berriak abian jartzen parte hartu nahi du, eta lehendik dauden enpresekin lankidetzan aritu; hori da zentro teknologikoaren eta MULTIVERSE COMPUTING enpresaren arteko  aliantzaren kasua. Enpresa hori garrantzi berezia hartzen ari da konputazio kuantikoaren esparruan, eta IKERLANekin elkarlanean ari da teknologia hori industria-eremura eramateko.

Asmo handiko ikerketa-plana

Bestalde, 2021ean, IKERLANek Espezializazio Teknologikoko Plan berria (ETP2025) definitu du. Asmo handiko ikerketa-plana, 2025era arte 50 milioi euro lortu nahi dituena gaitasun eta azpiegitura teknologiko berriak garatzeko. Planaren helburu nagusia da zentroak abangoardia zientifiko-teknologikoan duen posizioa finkatzea bere espezializazio-arloetan. Horretarako, espezializazio-arloetan jarriko du arreta, dagoeneko aintzatespen eta posizionamendu garrantzitsua duten arloetan, hala nola digitalizazioan, automatizazioan edo energia-kudeaketan.

Testuinguru horretan, udazkenean, Teknologia Digitalen Laborategi aurreratua inauguratuko dugu, AZPITEK proiektuaren barruan, eta 200 m2 inguru izango ditu. Laborategi honetan zibersegurtasunaren, 5G komunikazioen, adimen artifizialaren eta automatizazioaren eta robotikaren arloko ikerketa- eta transferentzia-proiektuak garatuko ditugu, eta teknologia horiek guztiek zentroaren eta gurekin lankidetzan aritzen diren enpresen lehiakortasun-posizioa hobetuko dute neurri handi batean” adierazi du Ion Etxeberriak.

IKERLANi buruz

IKERLAN zentro aitzindaria da teknologia-transferentzian eta lehiakortasun-balioak industriari egiten dion ekarpenean. Soluzio integralak eskaintzen ditu bi arlo nagusitan arlo teknologiko desberdinak konbinatuz: Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (EIKT), eta Energia eta Mekatronika. Gaur egun, 380 lagunek osatzen dute zentro teknologikoko lantaldea. MONDRAGON Korporazioko eta Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) kooperatiba kide den aldetik, IKERLANek enpresa-eredu jasangarria, lehiakorra eta etengabe aldatzen ari den alde egiten du. IKERLANek egiaztagiri hauek ditu gaur egun: ISO 9001:2015 Kalitatearen Kudeaketa Sistema, UNE 16600:2014 I+G+B Kudeatzeko Sistema eta ISO 27001:2013 Informazioaren Segurtasuna Kudeatzeko Sistema. Horrek adierazten du zentroaren bikaintasuna aintzatesten dela I+G+b arloan.