KIMU BERRI ekintzailetasuna sustatzeko ekimenarekin.

LKS KREANek eta ATEGIk EKIANen sustapenean parte hartuko dute.
6 March, 2019
Ekitaldia: Cookieak: gure webgunetarako erabilera aholkuak.
10 March, 2019

KIMU BERRI ekintzailetasuna sustatzeko ekimenarekin.

MU Changemaker Lab izeneko programa bat jarri du martxan, fakultate guztietako ikasleen artean diziplinarteko taldeen ekintzailetza sustatzeko asmoz.

Programa lau hilabetean gauzatuko da. Aurkezpena gaur egin da, Oñatin, eta Madrilen amaituko da, ekainean. 20 ikaslek hartuko dute parte proiektuan. ‘Change maker’ izena izango dute (aldaketaren sustatzaileak, alegia), eta euren helburua izango da ekintzaile taldeak garatzea eta bilakatzea sustatzea, enpresen sorkuntza bultzatze aldera.

Ekimena MTA (Mondragon Team Academy) metodologian dago oinarrituta; hots, Mondragon Unibertsitatearen ekintzailetzarako nazioarteko sarean. Eta prestakuntza prozesu berritzaile bat proposatzen du, honako hauetan oinarrituta: ikasleak –change maker–, aholkulari edo entrenatzaileak –dagoeneko ez dira irakasleak–, diziplinarteko guneak –ez gelak– eta erronka errealak –ez materialak–. KIMU BERRIk babesten du programa, eta GAZTENPRESAK sustatu.

Ekintzailetza da hainbat herrialdetako erakundeen zein eragile ekonomiko eta sozialen lehentasunetako bat. Beraz, gizarte maila guztietan eta bizitza etapa denetan ekintzailetzaren kultura sustatzea helburu komun bihurtu da, bai eta garapen ekonomikorako, aberastasunerako eta gizartearen garapenerako motor ere.  Mondragon Unibertsitateak urte asko daramatza ekintzailetzaren arloan lanean, eta Euskal Herriko unibertsitate lider bihurtu da prestakuntza programei eta ekintzaileak trebatu eta sustatzeko bestelako ekimenei dagokienez, graduko zein graduondoko tituluen bitartez, eta ikasleen artean espiritu ekintzailea txertatzera eta giza kapital ekintzailearen gaitasuna indartzera bideratutako ekintzailetza programen bitartez.

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko 2020 Erakundearteko Ekintzailetza Plana onartu du berriki, pertsona ekintzaileak eta enpresa txikiak babesteko asmoz, eta lehentasunak planifikatu eta finkatzeko helburuarekin, zerikusia duten euskal eragile guztiek ekintzailetza txerta dezaten euren lehentasunen artean eta daukaten ekintzailetza gaitasuna indartu dezaten.

Hala, Euskadiko ekintzailetzari buruzko azken datuen arabera, beheranzko joera sumatzen da, eta lurraldean sortu diren enpresen kopuruak ere ez du gora egiten: Espainiako datuetatik oso beherako bilakaera izan du (Espainian, %1,1eko hazkundea; Euskadin, berriz, %0,2koa).

Change Makers Lab

Ekimenak bi funtsezko ezaugarri ditu: batetik, diziplinartekotasuna, hainbat diziplinatako parte hartzaileak dituelako; eta, bestetik, multilokalizazioa, zeinari esker Mondragon Unibertsitateko fakultateak euren artean lotu daitezkeen.

Programak sei modulu ditu. ‘Bootcamps’ formatuan egingo dira; alegia, egun bateko edo egun eta erdiko tailer trinkoetan. Bertan, teoria eta jarduerak partekatuko dituzte gaian adituak direnek, proiektuetan aplikatu ahal izateko. Gainera, aldez aurretik lan bat egin beharko da modulu bakoitzerako: erronkak gainditzea, irakurtzea, ikertzea edo taldeko lana egitea… Parte hartzaileek proiektu errealen gainean egingo dute lan, trailer trinkoetan (bootcamps), enpresetan bisitak egingo dituzte, ekimenetan parte hartu, etab.

KIMU BERRI berrikuntza sozialeko egitasmo bat da, lankidetza publiko-pribatuko eredu baten bidez sustatua, Debagoieneko eskualdean gazteen ekintzailetza bultzatzeko helburuarekin, domeinu teknologikoetan eta egungo gazteriaren soziologiaren berezko merkatuan oinarritutako ikuspegi bereziarekin.