Proiektu honen sustatzaileek, Energiaren Euskal Erakundea eta KREAN, gidatutako enpresen taldeak Euskadiko eguzki energian izan den oinoizko proiekturik handiena jarriko du martxan.
Horrek bikoiztu egiten du
Euskadin oraintxe dagoen gaitasuna, eta pauso nabarmena da Eusko Jaurlaritzaren
Energia Estrategiak 2030. urterako elektrizitate berriztagarriaren
ekoizpenarekin lotuta dituen helburuak lortzeko prozesuan.
Ekimen
berezi hau aurkezteko ekitaldia Gasteizko Europa Jauregian egin da, eta
proiektuari atxikitako enpresa guztiek hartu dute parte, bai eta ordezkaritza
instituzional zabal batek ere: Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria, Iñigo Urkullu;
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua, Arantza
Tapia; eta Arabako diputatu nagusia, Ramiro Gonzalez. Bere hitzaldian,
Lehendakariak euskal enpresek “etorkizuneko proiektuak garatzeko indarrak
batzeko” izan duten tradizioa nabarmendu du, bai eta Euskadik energia berriztagarrietan
oinarritutako proiektu berriak bideratzeko duen gaitasuna ere, zeintzuek
hornidura garbiagoa bermatzen duten, eta teknologia propioa garatuta, industria
sarea indartzen duten.
EKIAN proiektua, hain zuzen, lankidetza publiko-pribatuan dago oinarrituta, non bi erakunde sustatzaileek –Energiaren Euskal Erakundeak eta LKS KREAN Taldeak– sozietate instrumental bat osatu duten, teknikoki Interes Ekonomikoko Taldea izendatua. Zehazki, hogeita hamar urterako eratu da, eta bere helburua izango da instalazio fotovoltaiko honetako energia sorkuntza martxan jartzeko prozesua erraztea. Sustatzaileekin batera, proiektuak hainbat sektore eta arlotako enpresa elkartuen atxikipena lortu du (industriaren sektorekoak, zerbitzuetakoak zein administraziokoak). Orotara, 24 milioi euroko ekarpena egingo dute, eguzki parkea ezarri eta martxan jartzeko. Etorkizunean, beste sinadura batzuk ere atxiki daitezke proiektura, zenbait euskal enpresarekin negoziaziotan baitabiltza. Finantzatzeko, Laboral Kutxaren eta Kutxabanken laguntza izango dute enpresek.
Eguzki parke berezia
Eguzki
planta fotovoltaikoa 55 hektareako industria finka batean, “La lágrima”
izenekoan, egongo da kokatuta, ARASUR Industrialdean, Erriberabeitian (Araba). Punta-puntako
67.000 eguzki panelek osatuko dute, 355 wattekoa bakoitza. Guztira, 24 MWko
potentzia instalatua izango du, eta horri esker, urtean 40.000 MWh sortuko
dira; alegia, urtebetean 15.000 familiak izan dezaketen elektrizitate kontsumoaren
pareko energia elektrikoa. Proiektu aitzindaria da EKIAN; izan ere, eguzki
parke bat enpresa ugariren lankidetza bitartez sustatzen den lehenengo aldia
da. Eta enpresa horiek izango dira potentzia instalatuaren kopuru baten
“jabeak”.
Aurreikuspenen arabera, martxoan hasiko dira instalazio obrak, eta hainbat hilabete iraungo dute, harik eta lursaila egokitzeko, eguzki panelak ezartzeko eta interkonexio elektrikoarekin lotutako zereginen faseak amaitu arte. Udazkenerako proben faseari ekitea espero da, sarerako konexioa egin ondoren. Eta pentsatzen da urte amaieran hasiko dela bete-betean lanean.
Eguzki energia, Euskadin
Euskadin
hainbat tamainatako 2.000 instalazioren gaitasun fotovoltaikoa daukagu; hots,
eguzki energiaren aprobetxamenduko ia 26 MWko guztizko potentzia instalatua,
eta horrek urtean 34 GWh sortzen ditu. Guztizko potentzia instalatu horren %20
Energiaren Euskal Erakundearen jabetzakoa da.
2030erako
lortu nahi diren helburuek, Eusko Jaurlaritzak bere Energia Estrategikoan
adierazitakoek, adierazten dute energia berriztagarrien erabilerak ia %115eko
hazkundea izango duela. Eguzki energia fotovoltaikoaren kasuan –gaur egun
aprobetxatutako energia berriztagarri guztiaren %1,4–, helburua da ehuneko hori
bikoiztea, eta hamarkada eskasean %4,4ra iristea; alegia, 293 MWko potentzia
instalatua izatea.
Eguzki energia fotovoltaikoak garapen ahalmen handia dauka; izan ere, teknologia honen merkataritza fasearen kostuak murriztuz doaz, merkatuaren hazkundeari eta I+G inbertsioei esker. Azken lege aldaketak direla tarteko, eguzkiaren zergak eta autokontsumoaren oztopoak eragindako moteltze urteak gainditzen ari da eguzki energia. Energia fotovoltaikoak moldagarritasun eta aplikagarritasun handiak ditu; beraz, erabilgarria da nola eraikinen estalkietan, hala eguzki parkeetan metatutako instalazioetan. Hori guztia, gainera, ekoizpen elektriko berriztagarriarentzat ekonomikoki bideragarria den aukera gisa.
Lankidetza publiko-pribatua
EKIAN
parke fotovoltaikoaren proiektua bi sustatzailek gidatzen dute: Energiaren
Euskal Erakundea eta LKS KREAN.
Energiaren
Euskal Erakundea (EEE) Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia da, eta
egitekotzat dauka, batetik, Euskadiko Energia Estrategiak proposatzea,
hornidura bermearen, lehiakortasunaren eta iraunkortasunaren irizpidean
oinarrituta, eta, bestetik, herrialdearentzat gakoak diren proiektuen
garapenean parte hartzea. Energiaren alorrean
erreferentziazko erakundea da EEE Euskadin, ekarpena egiten baitie energia
eraginkortasunari eta energia berriztagarrien garapenari.
LKS KREAN Sustapena eta Egituraketak, LKS KREANekin (parkearen proiektua diseinatu eta gidatzen duen ingeniaritza) eta LKS KREAN Design & Buildekin batera (giltza eskura erako diseinua eta eraikuntza), LKS KREAN Taldea osatzen du, MONDRAGON Korporazioan baitakoa. LKS KREAN Taldeak, hain zuzen, iraunkortasunarekin konpromisoa duten proiektuak gidatzearen aldeko apustua egiten du, nola ingurumenaren arloan, hala gizarte erantzukizunekoan; eta horren lekuko dugu EKIAN parkea. Arabako lurralde berean, egoitza gune berri bat eta eguneko zentro bat eraikitzea sustatzen ari da LKS KREAN, adineko pertsonentzat eta desgaitasun fisikoak dituztenentzat, eta Irizar eta Yarriturekin batera, Gasteizen Autobus Elektriko Adimenduna ezartzeko proposamena egin du.