Bizipoz, adinekoak parte diren gizarte baten alde egiteko.

Zertarako egiten dugu gure enpresetan egiten duguna?
14 May, 2019
Zenbateraino zaintzen dugu gure taldeen osasuna eta efizientzia?
21 May, 2019
Zertarako egiten dugu gure enpresetan egiten duguna?
14 May, 2019
Zenbateraino zaintzen dugu gure taldeen osasuna eta efizientzia?
21 May, 2019

Bizipoz, adinekoak parte diren gizarte baten alde egiteko.

Bizipoz 2015. urtean sortu zen,  Beatriz Santamaria eta Eider Etxebarria fundatzaileen buruan ontzen joan zen ideia baten fruitu moduan. Biak LEINN graduko laugarren maila egiten ari ziren, Oñatin.

Eta euren ahaleginak batu zituzten, ideia bat gauzatzeko: pertsonek helduaroan bizitza betea izatea lortzea, zahartze aktiboa sustatuz. Hau da, pertsona horiek metatutako ikasketak gizarteari itzultzeko aukera bultzatzea.

Lehen programa pilotuei esker (2016ko udaberria), lan metodologia propio bat probatu ahal izan zen, udalerrietan, adinekoen elkarteetan eta enpresetan sortzen diren beharrak identifikatzeko, adineko pertsonen inguruan zein erretiroa hartzeko puntuan daudenen inguruan.

Harrezkero, proiektuak eboluzionatu eta kooperatiba bat sortu zen, 2017tik Saiolanen dagoena, Arrasateko Garaia Parte Teknologikoko enpresen hazitegian.

Bizipozek errealitate jakin bat bideratu nahi du: adinekoei zuzendutako baliabide ekonomikoak arlo asistentzialari erreparatzen diote. Administrazio Publikoek menpekotasunaren esparruan sortzen diren beharrak arintzera bideratzen dituzte ahaleginak eta baliabideak.

Aldi berean, enpresek aktibo dauden pertsonen alde kotizatzen dute lan bizitzan zehar. Pertsona horiek lortzen dituzten profesionaltasun eta ezagutza maila handiak ez dira gizartera itzultzen, erretiroa hartzeko garaian euren ibilbidea amaitzen dela baitirudi.

Arrazoi horiek tarteko, prestakuntza aktiboa eta kontzientziazioa funtsezkoak dira pertsonak inguruko ekimen sozialen bultzatzaile bihurtu daitezen, gizartearentzat liderrak izango diren adineko pertsonak lortzeko helburuarekin.

Gaur egun, Bizipozek zahartze aktiboko programak diseinatu eta garatzen ditu, egungo errealitateari erantzuteko: bizi itxaropena handitu egin da, eta adinekoek ongi bizi eta gizartearen parte izan nahi dute. Horrela lantzen da lema: eman bizitza urteei eta ez urteak bizitzari. Horretarako, euren zerbitzuak adinekoen autonomia hobetzera zuzentzen dira:

  • Gizartean parte hartzea sustatzeko programak diseinatu eta gauzatzea.
  • Udalerrietan hiri lagunkoien programa garatu eta ezartzea.
  • Erretirorako trantsizio programak eta belaunaldiarteko harremanak garatzea.
  • Zahartze aktiboa sustatzeko prestakuntza.

Bizipozek bi bultzatzaile ditu, Beatriz Santamaria eta Eider Etxebarria, baita laguntzaileen sare bat ere, bakoitzaren esparruan lehen mailakoak diren profesionalek osatua. Talde horri esker aurrera egin daiteke, proiektuek forma hartzen dute, eta garatu eta eboluzionatzen dute, hurrengo edizioetarako abiapuntua izateko.

Hasieratik, erakunde publikoen eta enpresa pribatuen babesa eta konfiantza izan dute. Horiek guztiei eskerrak eman nahi dizkiete konfiantzagatik eta egiten duten lanagatik, honen alde:

  • Gure gizartean zahartze aktiboa sustatzea.
  • Heldutasunera bete-betean iritsi eta aktibo jarraitu nahi duten pertsonek metatutako esperientzia gizarteari itzultzea.
  • Gizarte askotariko eta inklusibo baten alde egitea, non pertsona guztiak baikara parte.

Gainera, jardueran emandako urte hauetan, tokiko erakundeek zein estatalek eta nazioartekoek aitortu dute garatutako ekimena, eta horrek sariak eta errekonozimenduak ekarri dizkie. Beste sari batzuen artean, FORBES 30under30-en errekonozimendua lortu dute, eta Madrilgo Europako Unibertsitatearen JES Saria ere irabazi dute (Gazte Ekintzaile Sozialak).

Finean, edadismorik (adinagatik diskriminatzea) gabeko gizarte baten alde egiten dute, estereotiporik gabe, eta belaunaldien arteko bereizkeriarik gabe. Langileen alde sentsibilizatuta eta konprometituta dauden enpresak animatzen dituzte enpresan belaunaldien dibertsitateari buruz hausnartzera. Hasi dira norabide horretan urratsak egiten, baina oraindik bide luzea dago egiteko; beraz, zenbat eta enpresa gehiagok batu ahaleginak, hainbat eta handiagoa izango da gizartean eragiten duen inpaktu positiboa.