
Webgune berritua abiarazi du MONDRAGON Venturesek, berrikuntza eta negozio berrien garapena bultzatzeko
7 May, 2026
2025eko MEMORIA | PTGaraia
12 May, 2026
- Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa, Domusa Teknik eta Kide elkarlanean arituko dira etorkizuneko ikertzaileak prestatzeko eta beren jarduera-eremuetan jarduerak eta proiektuak sustatzeko.
- Akordioak hasierako 4 urteko iraupena izango du, eta aurreikusten da proiektuek ikerketa industriala eta teknologikoa, garapen esperimentala, bideragarritasun teknologikoaren azterketa eta profesionalen prestakuntza barne hartzea.
Arrasate, 2026ko maiatzaren 7a. Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak lankidetza-hitzarmena sinatu du Domusa Teknik eta Kide enpresekin, klimatizazio eta erosotasun sektoreetan, baita hotz eta lehorketa industrial eta komertzialaren arloetan ere, etorkizuneko ikertzaileak prestatzeko eta jarduerak zein proiektuak sustatzeko. Transferentzia eta prestakuntza kolaboratiboko akordioa da, eta hasierako lau urteko iraupena izango du. Denbora horretan, hiru erakundeek ikerketa zientifiko eta teknologikoko jarduerak, garapen esperimentala, zaintza teknologikoa, bideragarritasun teknologikoaren azterketa eta profesionalen prestakuntza egingo dituzte, beste hainbat jardueraren artean.
Hitzarmenak, halaber, kanpoko praktika akademikoak aktibatzea aurreikusten du (gradu amaierako eta master amaierako lanak, ikasketa-lan txandaketa eta abar), Mondragon Unibertsitateko ingeniaritza ikasleentzat, enpresek talentu teknologikoa erakartzeko dituzten beharrei erantzuteko.
Akordioa Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile nagusi Carlos García-k, Domusa Teknik-eko zuzendari nagusi Imanol Oleaga-k eta Kide-ko zuzendari nagusi Mario López-ek sinatu dute.
Domusa Teknik-i buruz
Domusa Teknik 50 urteko ibilbidea duen kooperatiba da, klimatizazio sistema eraginkorren diseinuan eta fabrikazioan espezializatua. Oinarri teknologiko sendoa eta fabrikazio propioa dituen konpainia honek trantsizio energetikoan funtsezko eragile gisa kokatzen du bere burua, etxe eta eraikinetan etorkizun jasangarriago baterako irtenbide fidagarri eta moldagarriak eskainiz. Gaur egun, kooperatibak aerotermia eta energia berriztagarriak ditu apustu estrategiko nagusitzat, erosotasun termiko berritzaile baten ardatz gisa.
Produktutik harago, Domusa Teknik 360º-ko irtenbidea bermatzen duen enpresa lider gisa sendotu da. Planta berean teknologia desberdinak menderatzeko eta fabrikatzeko duen gaitasunak malgutasun paregabea ematen dio bezeroen beharretara egokitutako irtenbideak pertsonalizatzeko eta merkatu estrategikoetako aukerak aprobetxatzeko, nazioarteko ikuspegia indartuz. Konpromiso integral hori instalazioaren bizi-ziklo osoan zehar hedatzen da, martxan jartzetik mantentzera eta ordezko piezen horniduraraino bikaintasuna bermatuz, salmenta osteko sare zabal baten bidez.
MONDRAGON Korporazioan integratuta, enpresak lidergo teknologikoa gertutasunean eta gardentasunean oinarritutako filosofiarekin uztartzen du. Ingurunean sustrai sendoak dituen tokiko enpresa gisa, Domusa Teknik-ek teknologia berrietan inbertitzen jarraitzen du, klimatizazio sektorea berrikuntza arduratsuaren eta beti erantzuten duen zerbitzu baten bidez eraldatu nahi duen talentua erakartzeko proiektu erakargarri gisa sendotuz.
Kide-ri buruz
Kide kooperatibak 50 urte baino gehiagoko esperientzia du hotz-soluzio integralak diseinatzen eta fabrikatzen, eta sektoreko erreferente gisa sendotu da. 200 langile baino gehiago, 1.000 kolaboratzaile baino gehiagoko sarea eta MONDRAGON korporazioan integratuta egotearekin batera, enpresak berrikuntza, kalitatea eta zerbitzua uztartzen ditu, hozte-kamerak, panel isolatzaileak, ateak, hozte-ekipoak eta lehorgailuak eskainiz.
Bere ibilbidean zehar, KIDE-k nazioarteko bokazio sendoa mantendu du, bere izaera kooperatiboa eta Bizkaiarekin duen lotura estua galdu gabe. Printzipio kooperatiboei leial, konpainiak aberastasuna, ongizatea eta baliozko harremanak sortzean oinarritutako hazkunde jasangarriaren alde egiten du, baita inguruko garapen sozial eta kulturala sustatzearen alde ere.
Goi Eskola Politeknikoari buruz
Mondragon Unibertsitatea-ko Goi Eskola Politeknikoa irabazi-asmorik gabeko eta erabilgarritasun publikoko kooperatiba da, Mondragon Unibertsitatean eta MONDRAGON Korporazioan integratua. Bere helburu nagusia hezkuntza-garapena eta prestakuntza tekniko-unibertsitarioa, hobekuntza profesionala, enpresa-jarduera berrien sustapena, ikerketa eta ezagutzaren transferentzia dira. Horretarako, ikasleei kalitatezko prestakuntza eskaintzen die, berrikuntza iraunkorrean eta jardueren egokitzapen teknologikoan oinarrituta, enpresen beharretara egokituz.




