
Osasun-sektoreko startupentzat prestakuntza programa
10 May, 2024
Eneko Castillo: ingeniería y gestión empresarial en TE Connectivity
23 May, 2024
Datorren maiatzaren 25ean ospatuko da publiko mota guztietarako jardueren programa zabala eskainiko duen jaia, Arrasate erdigunean kokatua.
- Teknologia modu ludikoan hurbildu ez ezik, musika, magia eta bakarrizketa ikuskizunak ere izango dira, baita dantza bertikaleko saio ikusgarri bat ere.
Datorren maiatzaren 25ean, larunbata, Arrasateko herria IKERLAN familia handi bat bilakatuko da. Izan ere, zentro teknologikoak 50 urte betetzen ditu aurten, eta jai herrikoi bat antolatu du herriarekin batera urteurrena ospatzeko. “Magaletik herrira” izenburupean, IKERLANek ekitaldi ireki bat proposatzen du, herritarrei teknologia modu ludikoan hurbildu ez ezik, musika, magia eta bakarrizketa ikuskizunak izango dira, baita dantza bertikaleko saio ikusgarri bat ere, egunari amaiera bikaina emateko.
Biteri eta Sebero Altube plazetan eta Zaldibarko udal frontoian egingo dira ekintza nagusiak. Jarduerak 11:00etan hasiko dira eta IKERLANeko taldeko 50 pertsona inguru arituko dira bolondres lanetan.
Patitas robot poliziatik scalextric erraldoira
Biteri plazan hainbat jarduera egongo dira egun osoan zehar, besteak beste, Joselontxos txarangaren musika animazioa, Tor magoaren eta Mikel Bermejo bakarrizketariaren emanaldiak, puzgarriak eta txapen zein laser inprimagailu tailerrak. Gune horretan bertan, Xaibor DJaren ekitaldia ere izango da eta Ibai-Arteko kide diren establezimenduetan kontsumitzeko erosketa bonuen zozketak ere egingo dira.
Biteri plazan baita ere, indarberritzeko topagune bat egongo da; txosna bat ezarriko baita Harakno street food Mondragon Unibertsitateko LEINN graduko ikasleen ekimenaren eskutik. Baina, zalantzarik gabe, gune horretako protagonistak berezienak Patitas robot polizia eta Pepper izeneko robot androidea izango dira.
Jai programaren beste techie gune bat Sebero Altube plazan egongo da. Han, robotekin ondo pasatzeko aukera izango da, auto lasterketak egin ahal izango dira scalextric pista handi batean, eta errealitate birtualeko simulagailuei esker, kayakeko zeharkaldi bat edo helikoptero batean hegaldi bat egiteko aukera egongo da.
Eguna amaitzeko, Harrobi taldeak ikuskizun bat eskainiko du, dantza bertikala sorkuntza garaikidearekin eta euskal nortasunarekin fusionatuz. Zaldibarko frontoian izango da, 22:00etan.