LKS KREAN arduratuko da Areitioko kirol hiriaren proiektua idazteaz.

LKS KREAN eta ISEA LIFE Ecosens Aquamonitri proiektuan.
22 January, 2019
Garaia Innova. XII
1 February, 2019

LKS KREAN arduratuko da Areitioko kirol hiriaren proiektua idazteaz.

SD Eibar eta LKS KREAN dagoeneko lantzen ari dira  Areition eibartar klubaren etorkizuneko kirol instalazioen diseinua.

Joan den urriaren 24an Akziodunen Batzar Nagusiak kokapena Areitio izango zela onartu eta gero, ingeniaritza bat hautatzeari ekin zioten, proiektuaren lanketaz arduratzeko, zeregin hori ezinbesteko abiapuntua baita tramite guztiak egin ahal izateko.

Hainbat proposamen aztertu eta gero, Eibarrek LKS KREAN aukeratu du: nazioarteko entzutea duen enpresa bat da, Mondragon Taldeko kidea, eta Arrasaten dauka egoitza korporatiboa. LKS KREAN enpresa egiten ari da Athleticen kirol instalazioen erreforma Lezaman, eta, aldi berean, Anoetako estadioa birmoldatzeko proiektuaren eta eraikuntzaren kudeaketa integratuaz arduratzen da.

Eibartar klubak eta ingeniaritzak hainbat bilera egin dituzte dagoeneko Mallabiko Udaleko arduradunekin, eta aurki Bizkaiko Foru Aldundiko Hirigintza, Ingurumen eta Errepideetako arduradunekin elkartuko dira. Bilera horien helburua da bete beharreko baldintza teknikoak eta legezkoak zehatz eta lehen eskutik ezagutzea, landuko den proiektuan sartu beharrekoak.

Tramite horiek derrigorrezkoak eta saihestezinak dira horrelako ekintza urbanistiko batean, eta obra hasten denetik aurreikusitako 18 hilabeteko epea baino lehenago egin behar dira, Akziodunen Batzarra egin aurretik jakinarazi zen bezala. Aldi berean, Eibar eta LKS KREAN aurreratzen ari dira proiektuaren xehetasunetan, eta aztertzen ari diren aukeretako bat da proiektuan bost zelai egitea sartzea. Hasieran aurreikusita zegoen instalazioetan lau futbol zelai egotea, etorkizunean bosgarren bat eraikitzeko aukerarekin. Aitzitik, proiektua lantzearen eta gauzatzearen ikuspegitik, errazagoa eta merkeagoa da bosgarren zelaiaren eraikuntza ere hasieratik sartzea, klubak egokitzat jotzen badu. Kirol hiria eraikitzeko aurreikusi den aurrekontua 18,2 milioi euro da.