LKS KREAN autobus elektriko adimendunak hornitzeko proiektuan.

Arrasateko udalaren enplegurako diru laguntzak.
11 July, 2019
ISEA elikagaiekin nutrazeutikoak ekoizteko aukera aztertzen.
23 July, 2019
Arrasateko udalaren enplegurako diru laguntzak.
11 July, 2019
ISEA elikagaiekin nutrazeutikoak ekoizteko aukera aztertzen.
23 July, 2019

LKS KREAN autobus elektriko adimendunak hornitzeko proiektuan.

Proiektuaren egutegiaren arabera, Arabako hiriburuko udalak 2019ko azaroan baliozkotuko du ibilgailuaren prototipoa, eta zerbitzua 2020ko irailean jarriko da martxan.

18 eta 12 metro luze izango diren 13 autobus elektrikoek 10 kilometro egingo dituzte, eta norabide bakoitzean 24 geraleku izango dituzte. Punta-puntako teknologia duten ekipamenduak izango dira, berritzaileak eta herritarrentzat oso erosoak. TUVISAk emango du zerbitzua, zortzi minutuan behin. Ibilbidearen zatirik handienean, autobusek errail bereziak izango dituzte, lehentasuna semaforoetan eta geralekuetan txartelak hartzeko zein ezeztatzeko aukera. Bestalde, hirian gakoak diren hainbat gune lotuko ditu sareak: besteak beste, Txagorritxu, Eusko Jaurlaritza eta Mendizorrotza estadioa; orotara, 14 auzo.

Maiatzaren 29an sinatu zen kontratua, eta 65 asteko epea aurreikusten du autobus elektriko adimendunaren proiektua gauzatzeko, azpiegituretarako, hornidurarako eta abian jarri eta mantentze lanak egiteko. Kontratuan, halaber, gauzatzeko epe partzial batzuk ere badaude jasota. Karga elektrikorako sistema, esaterako, otsail amaierarako instalatuta egongo da (kontratuaren 38. astea). Txartelak emateko makina, bestalde, prest egongo da 2020ko ekainerako (51. astea). Bestalde, 13 ibilgailuak 2020ko ekainaren erdialdean jasoko dira; hots, 54. astean. Eta urbanizazioa eta geralekuak prest egongo dira 2020ko uztailerako.

LKS KREANek, alde batetik, hiri ingeniaritzaren eta garraio ingeniaritzaren arloan dauzkan eskarmentua eta ezagutza jarriko ditu mahai gainean; eta, bestetik, enpresa hori arduratuko da Eraikuntza Proiektuaz, bai eta Bulego Teknikoaz ere, obrek iraun bitartean. Era berean, geralekuetako markesinen diseinu, eraikuntza eta muntaketa lanez arduratuko da. Proiektu hau LKS KREANek duela urte batzuk martxan jarritako estrategiaren adierazleetako bat da, eta horrek iraunkortasun proiektuetako Ingeniaritza eta Arkitektura arloan erreferente bihurtzen du. EKIAN, GHK eta beste hainbat proiektu gidatu, eta horietan parte hartzen du. EKIAN, hain zuzen, Euskadiko parke fotovoltaikorik handiena da, eta Araban bertan dago. GHK, berriz, Gipuzkoan dago, eta hondakinak birziklatzeko lurraldeko plantarik handiena da.

Autobus berrietan txikienek gutxienez 65 pertsonarentzat izango dute tokia (21 eserita joango dira); autobus artikulatuek, berriz, 100 pertsonarentzako tokia izango dute gutxienez (30 eserita). Hiru toki ere izango dira aulki gurpildunentzat; eta artikulatuek, beste toki berezi bat, orgatxoak sartzeko. Hiru led pantaila ere izango dituzte, erabiltzaileek ibilbideari, elkarrekikotasunei, itxaron beharreko denborari, hurrengo geralekuari… buruzko informazioa jaso dezaten. USB kargagailuak ere izango dira, eta artikulatuek, gainera, maletak uzteko tokia izango dute. Gidarien kontsolak, bestalde, ibilbideari buruzko informazioa emango du, denbora errealean, bai eta autobusaren atal teknikoei edo izan litezkeen gorabeherei buruzko informazioa ere. Eta, gainera, autobusaren kontrola erosoagoa izango da. Era berean, gidatze automatikoko eta gidariari laguntzeko sistema bat izango dute, eta geralekura hurbiltzean, zintarriaren eta ibilgailuaren arteko distantzia minimizatu ahal izango da. Atzerako ispiluak, bestalde, kamerak izango dira, ez ispilu hutsak.

Geralekuetan, markesinak tranbiarenaren oso antzekoak izango dira: modernoak estetikoki, denbora errealean multimedia informazio eguneratua emango dutenak, eta txartelak saltzeko eta ezeztatzeko makinak dituztenak. Autobus Elektriko Adimenduna ezartzean, espazio publikoan ere zenbait esku hartze egin beharko dira. Autobusak 3,5 metro zabal izango den errail erreserbatu batetik ibiliko dira, eta zatirik handienean, gaur egun periferiako 2. linea doan bide bilbetik.