Jan eta Izan. Osasuna eta ongizatea enpresa munduan.

Garaia Innova. XIX
27 November, 2019
Diseimedia Durangoko Azokan izango da berriro ere Kaka Dantzariarekin.
28 November, 2019

Jan eta Izan. Osasuna eta ongizatea enpresa munduan.

Amaia Diaz de Monasterioguren oñatiarrak 22 urte daramatza dietista nutrizionista bezala lanean. 21 urterekin ipini zuen bulegoa, eta urteetan zehar, herritarrekin, familiekin, eskolekin, nekazariekin, udaletxe eta bestelako erakundeekin lanean ibili da. Orain, lan-ildo berri bati ekin dio, enpresaren alorrari. Izan ere, geroz eta gehiago dira, langileen bizimodu osasungarria bultzatzen duten enpresak. Urtarrilaren 10ean, 10:00etan eta 14an, 12:00etan, hitzaldi bana egingo du, Garaia Berrikuntza Gunean, jardun berriaren berri emateko.

Zer da enpresei eskaintzen hasi zarena?

Enpresa munduan ongizatea eta osasuna sustatzen dituzten ekintzak bultzatu gura ditut. Behar handia dago. Ordu asko egiten dugu lanean, eta lan eremutik bertatik jakingo dugu, zein behar duen pertsonak. Etxean baino denbora gehiago egiten dugu lanean, beraz, garrantzitsua da ingurune horretan daramagun elikadura zaintzea. Denbora falta da gaur egungo gizartearen arazorik handiena eta osasunaren garrantziaz jabetzen gara galtzen dugunean. Zergatik utzi erretirorako norbere zaintza?  Prebentzio lana ezinbestekoa da.

Elikadura osasuntsua txertatzen, zela lagunduko duzu?

Tailerren eta nutrizio ikastaroen bitartez eta estrategiak neurrira diseinatuz. Lanketak egiteko modu desberdinak egongo dira. Batetik, bakarka: fisikoki edo online. Taldean lanketak egiteko aukera ere egongo da, eta azkenik hirugarren ildo bat ere egongo da, hitzaldiena. Horiek irekiak izango dira. Nutrizio eta coaching lanketak egingo ditugu bertan: Batch Cooking-en gainekoa da bat, garaian garaiko produktuen eta haien onuren gainean ere arituko gara, asteko plangintza nola egin ikasiko dugu, tupperrak nola antolatu, etiketak nola aztertu eta aukeratu, azukreen gaia ere landuko dugu, gatz eta koipeenak ere bai…

Elikadura osasuntsua, zertarako?

Bizi kalitate hobeagoa izan dezagun eta enpresa barruan klima egoki bat lor dezagun.

Ongizate pertsonal horri begira jartzeko gure inguruneak baldintza egokiak eskaintzen dizkigu?

Natura bor-bor daukagu. Oso produktu onak ditugu Debagoienean, lehen sektoreak produktuak itzelak eskaintzen dizkigu.

Enpresa bakoitzean, eta pertsona bakoitzaren arabera, egoerak aldatu egingo dira, ezta? Ekintza plan pertsonalizatuak egiten dira?

Hori da. Azterketa personal bat egingo da, pertsona horrena eta testuinguru horretan. Ikusi eta sentitu behar da zein behar dituen pertsona horrek. Izan ere, gu oso kritikoak izan gaitezke nutrizionista bezala, baina lan-tokietara joaten garenean konturatzen gara orduak azkar joaten direla, eta ahaztu egiten garela gure zaintza pertsonalaz.

Ikerketen arabera, lan absentismoan eta produktibitatean eragiten du elikadura desegoki batek.

Gaixotzen ari gara, poliki poliki. Estres maila handia da, lo egiteko arazoak ditu jendeak, eta hori oso erlazionatuta dago daramagun erritmoarekin, elikadura osasuntsuarekin, deskantsuaren kalitatearekin eta abar. Hala, enpresa barruko produktibitatea hobetzeko balio izateaz gain, langileen bizi kalitatean eta osasunean eragiten du elikadurak.

Eta enpresek badute interesik?

Geroz eta gehiago. Osasun enpresak ari dira lanketa horiek egiten, baina beti da gizentasunari edo arazo kardiobaskularrei begira. Ni harago noa, eguneroko elikadurarako erraminta errazak eman gura nituzke, norbere beharrei erantzunak bilatu. Garaian garaiko produktuak kontsumituta, betiere ekonomia zirkular baten alde.

Jaten dugun horrez gain, non jaten dugun horrek ere badu garrantzia, ezta?

Handia. Asko zaindu behar da. Bulegoan dugun trastelekua izan ohi da jateko erabiltzen dugun tokia. Hori egokitu beharra dago, lanketa bat egin, ea zer mezu dagoen bertan… Ez baitugu janaria soilik jaten; testuinguruak asko egiten du.

Zertan igarriko dugu elikadura hobea daramagula?

Energia gehiago izango dugu. Proteina animaliak gutxituko ditugu, barazkiak, lekaleak, fruta, fruitu lehorrak gehituko ditugu gure elikaduran eta ogia zainduko dugu… Lan egiteko moduan igarriko dugu, freskotasuna izango baitugu. Hobeto da ofizinan poliki-poliki jaten joatea, bapatean bi platerkada handi jatea baino. Nutrizionista moduan, esnatu arazteko nago, laguntzeko nago.

Bulegoa Garaia parke teknologikoan  ipintzeak, zer ekarri dizu?

Nik kaleko lana egin izan dut beti. Pertsonekin, erakundeekin eta abar. Eta enpresa alorrerako pausua eman ahal izateak begirada zabaltzea ahalbidetu dit. Garrantzitsua iruditzen zitzaidan horrelako bulegoetan lan egitea zer den jakitea, ezagutzea, sentitzea. Izan ere, erosoa da,  oso erakargakarria da, oso desberdina, ni kaletik nator eta enpresa mundua oso desberdina da.