Pandemiak eragindako parentesiaren ondoren, irailaren 23an “Patente Aditua Enpresan” kurtsoaren edizio berri bat jarriko da martxan Garaia Parke Teknologikoan, Arrasaten. SPRI, Enterprise Europe Network eta Innobasqueren laguntzarekin Mondragon Unibertsitateak antolatutako kurtso honen helburua hau da: ikasleei patenteen inguruan formakuntza ematea estrategia, kudeaketa eta errentagarritasun ikuspuntu batetik, ondorengo gaitasunak izan ditzaten:
- Norberaren garapenak patentatzeko aukerak detektatu eta aprobetxatzea.
- Proiektu berri bakoitzerako patenteekin lotutako mugarriak finkatzea.
- Patente estrategia bat finkatzea.
- Patente adituekin, jabetza industrialeko agenteekin adibidez, interlokuzio egokia mantentzeko irizpideak jasotzea.
- Patente zorro bat kudeatzeko jarraibideak finkatzea.
- Enpresan patente kultura bat sortzea.
- Hirugarrenekin patente salmenta akordioak, patente lizentziak, teknologia transferentzia akordioak, elkarlan akordioak eta abar negoziatzeko ildoak finkatzea.
- Patenteekin erlazionatutako egoera gatazkatsuak kudeatzea.
- Enpresan jabetza industrialaren arloan erreferente bilakatzea.
Aurrekoak bezala Ismael Igartuak zuzenduko duen eta Mondragon Unibertsitateko Dani Justelek koordinatuko duen hamargarren edizio honetan, beti bezala aparteko hizlariek hartuko dute parte. Beraiek dira kurtsoaren benetako balio erantsia eta izaten duen arrakastaren sekretua. Ohikoa denez, zortzi saio izango dira, ostiralero irailaren 23an hasita:
- 1.SAIOA: Jabetza industrial eta intelektualera sarrera (Ismael Igartua) – Patente sistemara sarrera (Pascual Segura).
- 2.SAIOA: Patentagarritasuna eta patente eskaerak (Guillaume Durville).
- 3.SAIOA: Patenteen tramitazioa eta beste herrialdetara zabaltzea (Santiago Jordá).
- 4.SAIOA: Patenteen urratzea (Anna Barlocci).
- 5.SAIOA: Patente dokumentazioa eta patenteen zaintza teknologikoa (Carmen Toledo).
- 6.SAIOA: Patenteekin lotutako gatazkak (Ignasi Marqués).
- 7.SAIOA: Patente kudeaketa enpresan I (Alessandro Orsi).
- 8.SAIOA: Patente kudeaketa enpresan II (Hendrik Promies).
Kurtsoak koordinazio eta zuzendaritza taldearen 3 orduko tutoretza pertsonalizatua (hautazkoa) ere barne hartzen du.
Hona hemen hizlariei buruzko xehetasun batzuk:
Ismael Igartua | Telekomunikazio Ingeniaria. Jabetza Industrialeko Agentea eta Patente Europarren Agentea. GALBAIAN Intellectual Property-ko bazkide eta sortzailea. Fagor Koop. E.-ko Jabetza Industrialeko Departamentuko zuzendaria izan zen 2005etik 2011n GALBAIAN sortu arte. Departamentu horretan egin zuen lan 1998tik patente idazle eta aholkulari bezala. |
Pascual Segura | Kimikan Doktorea eta Jabetza Industrialeko Agentea. Bartzelonako Unibertsitateko Patente Zentroaren sortzaile eta zuzendaria 1987tik. Patenteei buruzko kurtso ugari antolatu eta eman ditu, enpresetan emandako in-house kurtsoak barne. Klaseak emano hi ditu beste unibertsitate batzuetan eta negozio eskolatan. EPO-ko European Patent Academy-ko lehen Academic Advisory Board-eko lau kide hautatutako bat izan da, eta WIPO Patent Drafting Manual (2nd ed. 2022) delakoaren bi autoreetako bat. |
Guillaume Durville | Ingeniari elektrikoa, M.Sc. Fisikan eta DEUG Zuzenbidean. Patente Europarren Agentea. Plasseraud IP agentzian dihardu lanean 2019tik. Aurrez ZBM Patents-en aritu zen. 2004tik 2017ra Hewlett Packard (HP) eta Hewlett Packard Enterprise enpresetan egin zuen lan, patente departamentuaren mundu mailako lidergoa eramanez. 2000tik 2004ra esaminadorea izan zen Europar Patenteen Bulegoan. 1997tik 2000ra bitartean Patente Agente modura egin zuen lan Procter & Gamble-en. |
Santiago Jordá | Ingeniari Industriala. Jabetza Industrialeko Agentea eta Patente Europarren Agentea. Curell Suñol-eko Patente Departamentuko arduraduna 1999tik. Industria sektorean 10 urteko esperientziaren ondoren, 1997an Curell Suñol-en hasi zen, Patente Departamentuan, non ES, EP eta PCT eskaerak idazten diren eta beraien atzerrira zabaltzea zaintzen duten. |
Anna Barlocci | Ingeniari Industriala. Patente Europarren Agentea. ZBM Patents-eko bazkide sortzailea. Hogeita hamar urtetik gorako eskarmentu profesionala dauka patente eskaera espainiar, europar eta PCT-en idazketa eta tramitazioan ingeniaritzako adar anitzetan. Baliotasun, urratze arrisku eta due diligence txostenak ere sarri prestatzen ditu, baita espainiar epaiketetan peritu diktamenak ere. |
Carmen Toledo de la Torre | Farmazian Doktorea. 1986tik Oficina Española de Patentes y Marcas (OEPM)-eko funtzionario gisa patente esaminatzailea, Bilaketa Zerbitzuko burua eta Dokumentazio eta Bilaketa Saileko burua izan da, gaur egun Informazio Teknologikoko Unitateko buru delarik. Sarri ematen ditu klaseak patenteei eta zaintza teknologikoari buruz unibertsitatetan, negozio eskoletan eta beste herrialde batzuetako patente bulegoetan. |
Ignasi Marqués | Abokatua. Grau & Angulo-ko bazkidea, 2017ko otsailetik egiten du lan bulego honetan. Aurretik Baker & McKenzie-ko abokatu izan zen 16 urtez. Patente auzietan espezialista. Jabetza Industrial eta Intelektualeko Masterduna (Magister Lucentinus, Alacant-eko Unibertsitatea). US Patent Law-n graduatua (Chicago-Kent College of Law). |
Alessandro Orsi | Informatikan Lizentziatua. Patente Europarren Agentea. Jabetza Industrial, Patente eta Marken Agente italiarra. HP Inc.-eko JIko Transakzio Departamentuko lehendakariorde orokorra. 1992tik 1996ra IBM Italiako Patente Departamentuan egin zuen lan, eta gero Pirelli-n Patente Agente eta JIeko aholkulari gisa. 1998tik HP Inc-eko departamentu legalean egiten du lan. |
Hendrik Promies | Ingeniari elektrikoa. Patente Europarren Agentea eta Patenteen Agente Alemaniarra. Siemens AG-ko JIko aditu printzipala. 2001an hasi zen Siemens AG-ko JIeko Departamentuan eta ordutik negozio ezberdinetako JIeko eginbehar estrategiko eta operatiboen arduradun izan da funtzio ezberdinak betez. 2010eti 2016ra komunikazio teknologia eta ordenadorez burututako asmakuntzetan aditua zen JIeko aholkulari talde bat zuzendu zuen, eta ondoren potentzia distribuzio sailera pasatu zen. Ohiko hizlaria da JIeko mintegi eta kurtsoetan, bereziki patenteen zuzenbide europarraren inguruko gaiak jorratuz. |