“Elkarlanaren garrantzia”- IDURRE ALBIZU

Vicomtech eta Ikerlan EGIDA proiektuaren parte dira.
15 May, 2020
GARAIA JATETXEAREN IREKIERA
22 May, 2020

“Elkarlanaren garrantzia”- IDURRE ALBIZU


Garai berezia bizi duguna gaur egun! Pertsona askok lehen egunetako konfinamenduan esaten zuten: “Noizbehinka pentsatzen dut bakarrik nagoela etxean sartuta. Beste guztiak bizitza normala egiten ari direla, baina 20:00etan txalo egitera ateratzerakoan eta gainerako guztiak ni bezala ikustean sentitzen dut ez nagoela bakarrik, eta denak batera ari garela lanean egoera honetatik hobeto eta osasuntsu ateratzeko”. Gertatu al zaizu horrelakorik? Talde lanerako beharrezkoak diren osagaien adibide argia izan daiteke honako hau.

Taldean lan egiteko, lehenengo eta behin, helburu bat behar dugu: helburu bera guztiontzat, eta partekatua. Ez bakoitzak berea. Bakoitzak berea duenean, horrelako egoera batean kalera ateratzen da edozein aitzakiarekin. Segurtasun neurriak bete baino gehiago, tranpa egiten dio bere buruari eta arriskuan jartzen ditu ingurukoak.

Bigarren osagarria rol banaketa da. Egin dugunaren antzera da: osasun arloko pertsonak borrokaren lehen lerroan izan dira, eta besteok etxean: aitona-amonak seme-alaben zaintzarekin eta laguntzarekin babestuak, eta gaztetxoak inoiz baino finago eta formalago. Bakoitzak bazekien zein zen bere lana. Hala, talde lanean norbanakoak buru-belarri murgiltzen dira helburua lortzeko, proiekturantz bidean.

Eta talde lanean ari den ekipo batek konfiantzaz jokatzen du. Ez dut behar jakitea bestea ere etxean gelditu den. Ziur nago horretaz –nahiz eta batzuetan zalantzak izan–. Ziur nago atera behar baduzu justifikatua izango dela. Harremanak oinarrizkoak dira taldean lan egiteko eta elkarrekin bizi ahal izateko. Lotura horiek eraikitzen dute gizarte edo enpresa baten kultura.

Lidergoa eta komunikazioa

Ez ahaztu ekipoaren osagai nagusienetako bat lidergoa dela. Guztiok eta hain toki desberdinetatik gauza bera egiten aritu gara denbora luzez, eta hainbeste pertsona. Kasu batzuetan beste batzuetan baino zailagoa da.

Batzuek esango dute lidergoak baino eragin handiagoa dutela legeek eta isunek, eta horrela izango da kasu batzuetan, baina, beste askotan, sumatutako lidergoaren eraginak bultzatu gaitu. Lidergoa formala – ezarritakoa– edo naturala – sinistutakoa– izan daiteke, baina lidergoa da, azken finean.

Azkenik, garrantzi handiena duen osagaia komunikazioa da. Aurretik aipatutako osagai guztiek ez dute askotarako balio komunikazio eraginkor eta osasungarri baten faltan. Pentsa egunotan zer-nolako buruhausteak izan diren komunikazio akatsak direla eta! Komunikazioa ez denean garaiz eta argitasunez iristen akatsak izaten dira lantaldean.

Irudi bat erabiltzearren, esango nuke komunikazioa lurra dela, eta gainerako osagaiak –lidergoa, harremanak, rolak, helburuak– lur horretan sustraitutako landareak direla. Lurra ez bada aproposa landareek ez dute elikagai egokirik, eta hil egiten dira. Komunikazio aproposik gabe harremanak ez dira konfiantzazkoak, lidergoak ezin du bere mezua helarazi, helburuak ez daude argi eta inork ez daki zein den bere rola. Dena nahasten da eta ekipoa pertsona ugariz osatutako multzo bat besterik ez da. Bakoitza berera doa, liskarrak sortzen dira, arlo asko ez dira betetzen, eta, tarteka, askoren arteko borroka pizten da.

Ovidio Peñalverrek proposatzen ditu komunikazioa, lidergoa, harremanak, rolak eta helburua talde baten osagai nagusi gisa.

Kontuz disfuntzioekin

Patrick Lencioni adituak, berriz, talde lanerako bost disfuntzio proposatzen ditu. Bost arrazoi taldearen lana ez-apropos bihurtzen dutenak. Lehena partaideen arteko konfiantza falta da. Hau da, harremanak ez direnean egokiak agertzen da lehen oztopoa.

Bigarren pausoa da gatazka izateari beldurra edukitzea. Horren ondorioz, askotan, gezurrezko bake giroan bizi eta lan egiten dugu, arazoak agerian ipini ezinda eta azpian dauden egoerei uko eginda.

Hurrengo fasea da taldeko partaideak konpromisoa galtzen hastea. Taldean egotea besterik ez dute egiten. Ez dago ekarpenik eta helburua da gutxienekoak betetzea eta itxura zaintzea. Lotura oso azaleko bihurtzen da, eta partaide bakoitzak taldera ekarri edota taldetik jaso dezakeen aberastasuna galtzen doa. Ondorioz, beste pauso bat ematen du taldeak bere desagertze prozesuan, eta hori da ardurak saihestea. Ez du inork ardurarik bereganatu nahi ez dagoelako ez besteenganako konfiantzarik ez konpromisorik. Ez da ageriko arazorik edo liskarrik ikusten, baina sumatu egiten da barne egoeran eta partaide guztien aldetik.

Lencionik azaltzen du azken maila gertatzen dela taldeak helburuak eta emaitzak alde batera uzten dituenean. Une horretan martxan jartzen da kronometroa, atzera kontaketarekin. Taldea desagertze bidean doa; izan ere, helbururik eta emaitzarik gabe taldearen izateko arrazoia galtzen da.

Egunotan, ordea, gure gizarteak talde kohesionatu moduan egin du lan, eta elkarren arteko konfiantza izan dugu. Bakoitzak argi du bere rola eta hala jokatu du. Gure arteko harremanak estutu egin dira – auzokideekin, lagunekin, senitartekoekin–, izan presentziazkoak zein telematikoki burututakoak, eta kasu batzuetan inoiz baino harreman oparoagoak lortu ditugu. Etxe, auzo edo talde bakoitzean betebehar batzuk jarraitu dira. Lidergo eta ardura pertsonalak izan ditugu, eta helburu argi bat: egoera honetatik ahalik eta ondoen eta azkarren ateratzea. Borroka irabaztea. Osasuna zaintzea. Etorkizuna izatearen esperantza. Eta horretan komunikazioa izan da elikagai, konektore, eta bultzatzaile.

Ea aurrerantzean ere elkarlanean jarraitzerik dugun eta bai enpresetan zein erakundeetan samurragoa den ibilbidea.


Idurre Albizu

Garaia Parke Teknologikoko Negozio Garapeneko arduraduna.

PUNTUA aldizkarirako argitaratua.