Egoitz Urrutikoetxea, GSR S. Coop.-eko zuzendari nagusia: ibilbide profesionala eta ikuspegi kooperatiboa

Osasungintzaren sektoreko posizioa indartu du FagorTaldeak, Fagor Healthcare kooperatibarekin
20 January, 2026
GARAIA BAT GARA batzar orokorra ospatu da
26 January, 2026
Osasungintzaren sektoreko posizioa indartu du FagorTaldeak, Fagor Healthcare kooperatibarekin
20 January, 2026
GARAIA BAT GARA batzar orokorra ospatu da
26 January, 2026

Egoitz Urrutikoetxea, GSR S. Coop.-eko zuzendari nagusia: ibilbide profesionala eta ikuspegi kooperatiboa

Nongoa zara, non jaio zinen eta non bizi zara gaur egun?

Berez Urdulizkoa naizela esaten dut, han bizi izan baititut nire gaztetako unerik gogokoenak. Hala ere, 18 urtez Leioan bizi izan naiz eta gaur egun Derion bizi naiz.

Zein izan da zure ikasketa ibilbidea?

Lehenengo urratsak Sopelako ikastola batean eman nituen, Ander Deuna ikastolan, hain zuzen. Hortik atera eta Zuzenbidean lizentziatu nintzen 2001. urtean, Deustuko Unibertsitatean. Hala ere, banekien nire bizitza profesionala enpresa arlora bideratu nahi nuela, eta Laneko Arriskuen gaineko master bat egin nuen Mondragon Unibertsitatean (2002-2003).

Pertsonen Zuzendaritzako masterra ere egin nuen 2004-2005 urteetan Deustuko Unibertsitatean, eta ondoren ekonomiari atxikitutako hainbat ikasketa egin nituen.

Zerk eraman zintuen ibilbide akademiko hori aukeratzera? Eredurik izan duzu inguruan, gomendiorik edo gertuko esperientziarik?

Egia esan, zerbait aipatzearren, Zuzenbideko bidea hartu nuen hasiera batean, etxean jasotako baloreek esaten baitzidaten mundu orekatu eta justu bat eratzeko ulertu beharra nuela hori bilatzen zuten arauek nola funtzionatzen zuten. Bide horretan, ez nuen berdintasunaren eta justiziaren ikuspegi argirik antzeman eta enpresa mundura bideratu nuen nire burua, berriro ere etxean, aita eta amarengandik jaso nituen lanarekiko seriotasuna eta baloreak medio. Hortik hasita, nire lehenengo esperientzia Mondragoneko kooperatiba batean izan zen, eta han aurkitu nituen bila nenbilen baloreen esanahia eta zentzua. Harrezkero, kooperatibetan garatzearen irrikaz, gero eta aldakorrago izan den nire bizitza profesional eta akademikoari egokitzen joan natzaio, beti izan baitut erronka eta gauza berriak ikasteko eta garatzeko irrika.

Zein da zure ibilbide profesionalaren laburpena?

17 urtekin lanean hasi nintzen, garai hartako bideoklub denda batean, nolabaiteko autonomia ekonomikoa eta esfortzuaren zentzua barneratzeko asmoz, etxean erakutsitako balore horiek medio. Nire lehenengo esperientzia profesionala 2004an izan zen (26 urte nituela), Mondragoneko kooperatiba batean, pertsonen arloko arduradun moduan, Pertsonen Departamentua sortu eta garatzeko helburuarekin.

Ondoren 2007an Finantza arloko zuzendari ere izendatu ninduten eta arlo biak partekatu nituen. Momentu horretan hasi zen lehen egokitze handia, posizio guztiz ezberdina baitzen. Egoera berriak, gainera, asko ikastera bultzatu ninduen, batez ere zuzendaritza kontseiluan parte hartzea suposatzen zuelako, daukan ardura eta egokitzapenarekin.

2012an atzerriko enpresa baten zabalkunderako erronka eman zidaten, eta erronka horren taldeburu izan nintzen 2019ra arte.

Beti ere, 2007tik 2022ra bitartean, finantza eta pertsonen zuzendaritza garatu izan ditut eta 2022an Negozio Garapeneko Zuzendari izendatu ninduten orain Zuzendari Orokor naizen kooperatiba honetan.

Noiztik gaur egungo enpresan? Nola iristen zara hona?

Aurretik azaldu dudan moduan, 2022an heldu nintzan orain nagoen kooperatibara, aurreko gerenteak ekarrita. Aurretik elkar ezagutzen genuen, eta bere dei bat jaso nuen bere taldean lan egiteko eskaintzarekin. Onartu egin nuen, berriro beste erronka ezberdin baten aurrean jarriz, esparru industrialetik (automozioa eta ingeniaritza esparruko kooperatibetatik) zerbitzuko kooperatiba batera egokituz.

Zeintzuk izan dira zure arrakastak ibilbide honetan? Zeintzuk zure oroitzapen onenak?

Gaztetatik eta epe laburretan, nire ibilbide profesionala malda handikoa izan dela esango nuke, bost urtez behin gutxi gorabehera, gero eta handiagoak diren ardurak eta erronkak hartzeko aukerak eman zaizkidalako. Umiltasunetik suposatuko dut lan txukuna egin izatearen eta baldintzak izatearen emaitzak izango direla. Dena den, beti uste dut zorte pixka bat ere behar dela, une egokian momentu egokian egotearen zortea.

Eta porrotak edo ikasketa uneak? Une ez atseginak? Zer ikasi duzu horietatik?

Profesionalki gaztetatik arin hastearen arrakasta horrek ere badu kontrapuntu bat, eta hori jarriko nuke akats eta ikasketa puntu gisa. Izan ere, prozesu guztiek, bai arlo profesionalean zein pertsonalean, heldutasun puntu bat behar dute eta momentu jakin batzuetan heldutasun hori ez izateak akatsak egitera eraman nau. Hala ere, horrek ere heldutasun handiagoa izatera eta ikastera ere eraman izan nau.

Zein da zure ilusioa, ametsa etorkizun profesionalerako?

Momentu honetan nire ilusio bakarra nagoen kooperatiba honi ahalik eta gehien ematea da. Kooperatiba hazteko eta garatzeko aukerak, bai enpresa ikuspegitik bai kultura ikuspegitik, baliagarriak izatea, bide horretatik ere lortuko dugulako sektorearen eraldaketa eta, era berean, gizarteko eraldaketa, etorkizuneko legatu hobeago bat bermatzeko. Gainera, oso hurbiletik lortu nahiko nuke beti interkooperazioan lan egin ahal izatea, posible den neurrian.

Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zeure burua ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.

Gure cookie politikari buruzko informazio gehiago.