Proiektu hau 2015aren amaieran abiatu zen, eta
bertan parte hartzen dute Garaia Parke Teknologikoak eta Debagoieneko
Mankomunitatearen Garapen Agentziak, Saiolanen expertisearen eta BIC
GIPUZKOAren laguntzarekin.
Proiektuaren helburu nagusia da Debagoieneko
industria sarea dinamizatzea, eta horretarako gizarte, hezkuntza eta enpresa
eragile desberdinen arteko berrikuntza, parte hartze eta lankidetza elementuak
integratzea. Eragileok konpromisoa hartzen dute ezagutza partekatzeko eta
denboran iraunkorrak izango diren baterako proiektuak garatzeko, komunitatea
eta eskualdeko egitura ekonomikoa eraldatzeko eta bertan inpaktua eragiteko.
Horretarako, enpresen lehiakortasuna hobetuko
dituzten zenbait egitasmo jartzen dira martxan:
- I+Ga gizarteratzea: helburua da enpresa txiki eta ertainei I+Ga modu merkean hurbiltzea, enpresen arteko lankidetzaren bitartez. Horretarako, beren segmentu berean diharduten enpresekin kolaboratzeko irekita agertzen diren enpresak identifikatzeko prozesu bat jartzen da martxan, produktuetan eta zerbitzuetan hobera egite aldera. Kontua da batzuen eta besteen trebetasunak eta baliabideak aprobetxatzea, prozesuan parte hartzen duten guztiak asetzea helburu.
- DEE-CED komunitatea: Debagoieneko hainbat eragilek beren indarrak batu dituzte Debagoieneko eskualdeko industria sarea dinamizatuko duen enpresa komunitate bat sortzeko, enpresa eragile desberdinen artean berrikuntza, parte hartzea eta lankidetza integratuz. Berrikuntza sozioekonomikoko proposamen bat da, eskualdean industria bultzatu eta suspertzea ahalbidetuko duten lan testuinguruak sortzera bideratutakoa.
- DOCs egitasmoa: industrian izandako azken aurrerapenak inguruko enpresei hurbilarazteko. Bi hilean behin, gaiari buruzko adituek industria arloko gai eta teknologia nagusiak aztertzen dituzte, ordubeteko formatu monografikoa erabiliz.
- Ikasleak Erakarriz: helburua da ikasleak erakartzea, eta Garaia eraikinean eta, hedaduraz, parke osoan egiten den jarduera ikasleoi erakustea. Jarduketa gazteei zuzenduta dago, ekintzaile faltari eta karrera teknikoak aukeratzen dituzten ikasleen faltari buelta ematen ahalegintzeko.
- Teknologiaren eta negozioen transferentzia: negozioak eta teknologia industri enpresetara transferitzen laguntzera bideratuta dago. Helburua da zentro teknologikoek nahiz unibertsitateek sortutako edo nazioartean detektatutako industrializazio faseko negozio eta teknologiak inguruneko enpresetara transferitu ahal izatea, enpresa horiei beren negozioen zorroa dibertsifikatzen laguntze aldera.