Compo Global Solutions enpresa Europako Enpresentzako Ingurumen Sarietan finalista izan da

Zientzia eta Teknologia astea 2020: Iker Elizburu – WOLFRATEX
5 November, 2020
Zientzia eta Teknologia astea 2020: Cristina Sánchez – INFINEON
6 November, 2020

Compo Global Solutions enpresa Europako Enpresentzako Ingurumen Sarietan finalista izan da

Garaia Parke Teknologikoan kokatuta dagoen COMPO GLOBAL SOLUTIONS enpresak, urriaren 28an, Europako Enpresentzako Ingurumen Sarietan finalista izan zen. Hori dela eta, bertako komertzial teknikaria den Ariane Inzarekin egon gara:

Urriaren 28an, Europako Enpresentzako Ingurumen Sarietan irabazle izan zarete. Nola jaso zenuten albistea?

Accesit batekin saritu gaituzte estatu mailan eta oso pozik gaude, gure lanaren aitorpen bat bait da. Telefonoz abisatu zidaten Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministeriotik, zehazki Biodibertsitatea Fundaziotik, eta sorpresa handia izan zen. Prozesu guztia atzeratu egin zen pandemiarengatik eta ia ahaztuta geneukan. Gainera, enpresa oso indartsuak aurkezten dira sari hauetara eta ez genuen esperantza gehiegi.

Euskadiko sarietan ere irabazle izan zarete?

Bai, Euskadiko atalean ere irabazle suertatu gara. Honekin beranduago enteratu ginen, gehiago atzeratu bait zen hautapen-prozesua. Nola ez, poz haundiz hartu genuen albistea.

Zertan datza Europako Enpresentzako Ingurumen Sariak?

Sari hauek Europako enpresak (handi, ertain, txiki zein mikro) euren negozioen bideragarritasun ekonomikoa, ingurumenaren babesarekin arrakastaz uztartzen dutela aitortu eta saritzeko dira. Kategoria desberdinak daude:

  • Kudeaketa
    • Produktua eta/edo zerbitzua 
    • Prozesua 
    • Nazioarteko enpresa-lankidetza 
    • Enpresa eta biodibertsitatea

Enpresa bakoitza kategoria batera baino gehiagotara aurkeztu daiteke eta hiru atal daude, erkidegokoa, estatukoa eta Europakoa. Hautagaitza aurkeztean erkidego eta estatu mailan hartzen da parte. Europara pasatzeko berriz, estatu mailan hautatu behar zaituzte. Bertara enpresa handiak bakarrik iristen dira.

Gu Saiolan-en bidez enteratu ginen aurreko urtean, Ihobeko mezu bat jaso bait zuten inguruko enpresei sari hauetara aurkezteko animatzeko eskatuz.

Egia esan ez genekien zer espero, lehenengo aldia bait zen aurkezten ginela. Dokumentuak prestatzea ez zen lan gehiegi izan eta sari bezala publizitate pixka bat jasotzea ongi etorria izango zela pentsatu genuen, beraz, aurkeztu egin ginen eta ez genuen berriz horretan ia pentsatu ere egin, deia jaso nuen arte.

Ze kategoriatan izan zarete sarituak? Zer baloratzen dute epaileek kategoria horretan?

Prozesua kategoriara aurkeztu ginen. Bertan, produkzio-prozesu eta metodoetan aplikatuko den teknologia berri baten garapena edo/eta inplementazioa saritzen da, garapen jasangarrirako lagungarria dena. Teknologiak ingurumenerako ekarpen positibo bat izan behar du, eta, aldi berean, onura sozial eta ekonomikoak ekarri.

Zer da zuentzako horrelako sari bat irabaztea?

Mikro-enpresa bat izanda, alde batetik, ilusioa ematen du horrelako sari bat jasotzeak eta aurrera jarraitzeko bultzakada txiki bat ere bada. Azken finean, aditu talde batek 115 hautagaitza aztertu ditu eta horietatik 25 hautatu dituzte, tartean gurea.

Bestalde, publizitatea egiten digu eta hori beti dator ongi.