BNI AUKERA DEBAGOIENAK 4.urteurrena du aurten

PTGaraiak Garaia Topagune Teknologikoa ospatu du
30 November, 2021
Garaia Innova. XXIX
10 December, 2021

BNI AUKERA DEBAGOIENAK 4.urteurrena du aurten

2017ko udaberria zen Debagoieneko Mankomunitatearen bulegoetan lehenengo bilera egin genuenean. Mahai baten inguruan bildu ginen Koldo Azkoitia, Joseba Sagastigordia eta Idurre Albizu, ideia argi batekin: BNI bezalako ekimen bat, dagoeneko beste eskualde batzuetan funtzionatu zuena −batzuk urrunagokoak eta hurbilagokoak beste batzuk−, enpresa garapenerako aukera ona izan zitekeela Debagoiena eskualdean. Arriskuak eta onurak aztertu ondoren, bakoitzak egin beharreko lana zehaztea eta lanari ekitea besterik ez zen falta.

Beste talde batzuetan (esaterako, Eibarren), Udal Administrazioaren babesa izan zen arrakastarako funtsezko elementua. Hori dela eta, hurrengo pausoa inguruko alkateekin biltzea eta gure proposamena azaltzea izan zen, eta inolako zalantzarik gabe eman ziguten baiezkoa.

Beharrezko laguntza guztiak jasota eta egindako lanari esker, 2017ko maiatzaren 5ean Garaia Parke Teknologikoko instalazioetan egin genuen lehen bilera, gonbidatutako enpresa talde bati proiektua aurkezteko. Begi onez ikusi zuten proposamena; bat egiten hasi ziren, eta beste enpresa batzuk ere proiektuan parte hartzera gonbidatu zituzten.

Eta, hala, une gorena iritsi zen: ekimen jendetsua egin genuen 2017ko irailaren 28an, goizeko 6:45ean, Iturripe kiroldegian. Kontuan hartuta zer ordutan izan zen eta parte hartzaile bakoitzak 10 euro ordaindu behar zituela ondoren gosaria egiteko, 282 pertsona bildu izana arrakasta handitzat jo liteke.

Harrezkero, ezin konta ahala gauza gertatu dira; tartean, 192 bilera, ostiralero bat. Lehenengo 2 urteetan goizeko 6:45ean eta 2019tik aurrera, 7:45ean. 2020ko martxoaren 6ra arte bilera guztiak aurrez aurrekoak izan ziren; martxoaren 20an, berriz, bilera telematikoa egin genuen aurrenekoz, eta hortik aurrera, halaxe, 2020ko irailaren 30era arte.

Pandemia garaian sistema telematiko eta hibridoei buruz ikasitako guztia kontuan hartuta, eta jakinik pantailaz bestalde ikusteaz harago, pertsonok elkarren alboan gaudela sentitzeko beharra dugula, bilera hibridoak egiten hasi ginen. Era horretan, tamalez konfinatuta edo kutsatuta zeudenek ere BNI sarean lan egiteko aukera izan zuten. Ohartu ginen, halaber, tresna bikaina zela oporraldietan edo laneko bidaietan zeudenek ere parte hartzeko, bai eta Euskadiko edo munduko beste eskualde batzuetako enpresa zein profesionalek Debagoieneko gure bileretan parte har zezaten ere. Horrenbestez, urte hauetan, gure mugak ireki ditugu, eta Euskadiko, Madrilgo, Kolonbiako, Mexikoko eta beste hainbat tokitako enpresekin egon gara harremanetan.

Eta hori guztia, pertsonek denbora tarte honetan izan duten aldaketa aipatu gabe. Eraldaketa pertsonala zein profesionala izan da: kanpotik ikusi, eta barnetik hautematen den horietakoa. Lan egiteko eta lana ulertzeko beste modu bat. Balio erantsia, gizatiarrago egin, eta profesional zein enpresetara hurbiltzen gaituena. Proiektu ugarik osatutako proiektua; helburu komun bat, banakako helburuen batura. Talde baliotsu bat, kide bakoitzaren berezitasunen baturak osatua. Eta hori guztia, astez aste eratzen joan garen konfiantzan oinarrituta.

Izan da galdetu digunik ea ez den errepikakorra astero biltzea eta beti gauza berak esaten aritzea. Egia esan, pertsona horiek ez dakite zer egiten dugun BNI Aukera Debagoienan. Errepikakorra izatetik urrun dago, eta nolabaiteko mendekotasun osasungarria sortzen du gainera, noizbait joan ezinda geratuz gero, han gertatuko zenari buruzko jakin-mina pizterainokoa.

Hori guztia kontuan hartuta, lau urte hauek zifretara eramango ditugu: gaur egun, 22 enpresak parte hartzen dute taldean, bai eta astero-astero bisitatzera etortzen diren gonbidatuek ere −orain arte, guztira, 424−. Bestalde, 2.460 negozio aukera ireki, eta, guztira, 2.905.241 euro fakturatu dira. Negozio aukera bakoitzeko 5.151 euro fakturatu dira, batez bestean. Kopuru horiek lortu dira, neurri batean, taldeko kideek 1.091 prestakuntza ordu egin dituztelako, dohainik eta borondatez, eta bileretan %98ko parte hartzea egon delako.

Ospatzeko moduko data berezia dugunez, eskerrak eman nahi dizkiegu zuzenean edo zeharka parte hartu duten pertsona guztiei; eskerrak, halaber, behin eta berriz gure jarioa jasan duten pertsona guztiei, hala egin baitugu, jakinik tresna baliotsua eta erabilgarria daukagula.

Eta ikasturte honen hasieran, hazkunde helburu berriak ezarri ditugu, 30 enpresa parte hartzaile izateko, eta 746.000 euroko fakturazioa lortzeko. BNI zer den jakin nahi baduzu, edo dagoeneko ezagutzen baduzu eta berriz bisitatu nahi bagaituzu, jarri gurekin harremanetan, bniaukera@gmail.com helbidera idatzita.

Datorrena urteurren biribila izango dugu, eta aurrez aurre ospatu nahiko genuke, pandemia osteko normaltasun berrian eta ezarritako helburuak beteta ditugula. Zorionak BNI AUKERA Debagoiena!

BNI Aukera Debagoiena.