
Mondragon City Challenge-en 3.edizioaren aurkezpena
27 September, 2024
AAko karbono aztarnari buruzko kontzientziaziora
29 September, 2024
Zer egiten duzue?
Erosketa-prozesuan aditua den enpresa bat gara, eta gure bezeroei errentagarriagoak eta lehiakorragoak izaten laguntzea dugu helburu, enpresen arteko lankidetzaren bidez.
Une honetan, ATEGIk askotariko sektoreetan diharduten 300 enpresa eta enpresa-talde baino gehiago biltzen ditu, oso problematika eta estrategia desberdinekin, baina, hala ere, ATEGIn familien erosketen kudeaketa zentralizatzea erabaki dute, kostuak murrizteko, enpresen eraginkortasuna eta errentagarritasuna handitzeko eta erosketen kudeaketan espezializatutako zerbitzuak eskuratzeko.
Bereziki bost arlo kudeatzen ditugu:
- Energiaren erosketa kudeatzea, batez ere elektrizitatea eta gasa
- Garraio- eta logistika-zerbitzuak, lehorrekoak, airekoak, itsasokoak eta presakoak.
- Komunikazioaren eta informatikaren teknologiak (eramangarriak, lizentziak, euskarria)
- Hornidurak, hala nola bulegoko materialak, burdindegia, norbera babesteko ekipamenduak edo laneko jantziak.
- Nazioarteko erosketak
Gainera, nazioarteko espezialista-talde bat dugu munduan zehar, eta bulegoak hainbat herrialdetan; horri esker, nazioarteko zerbitzuak gara ditzakegu gure bezeroentzat.
Zer erronka dituzue?
Gure bezeroen aliatu garen aldetik, gure erronkak haien beharretatik datoz, eta, horregatik, guregana jotzen dute, irtenbideak bilatzeko eta haiei aurkezten zaizkien erronkak kudeatzeko erreferente gisa. Testuinguru geopolitiko gero eta konplexuagoan gaude, hornikuntza-katea sendotu behar dugu iraunkorragoa eta erresilienteagoa izan dadin, eta negozio-eredu arinago, malguago eta egokitzaileagoekin kudeatu behar dugu.
Erosketa-prozesuaren kudeaketa, hornitzaile kritikoak eta horiekin dugun harremana birplanteatu behar dira, ziurrenik, elkarlanezkoagoa eta iraunkorragoa izan behar baitute. Horrekin batera, jasangarritasunaren erronkak hornidura-katean, trantsizio energetikoaren inpaktua, digitalizazioa edo industria-metal batzuen gero eta garrantzi estrategiko handiagoa, besteak beste.
Zer behar eskatzen dute lan egiten duzuen enpresek?
Enpresek lehiakortasuna eta kudeaketaren eraginkortasuna hobetu nahi dituzte; horregatik, lehenik eta behin, gure esperientzia-arloak etengabe optimizatu behar ditugu.
Gainera, beren negozioen balio-katean eragiten dien edo eragin diezaiekeen guztian detektatzea, aurrea hartzea eta laguntzea eskatzen dute. Eta, beste enpresa batzuekiko lankidetzaren bidez, beren lehiakortasuna are gehiago optimizatzen eta irtenbide berritzaileak lortzen laguntzen diegu.

Zein da zuen enpresak sektoreko beste enpresa batzuekiko ematen duen balio diferentziala?
Enpresen arteko lankidetza sustatzeko eta kudeatzeko dugun gaitasuna eta esperientzia hain zuzen ere. Lankidetza funtsezko elementua da enpresen lehiakortasuna eta gaitasun eraldatzaile eta berritzailea hobetzeko. Gaitasun hori talde dinamiko eta gure bazkide eta bezeroengandik hurbil dagoen talde baten hurbiltasunean, enpatian, proaktibitatean eta esperientzian oinarritzen da.
Kontatuko al diguzu benetako esperientziarik?
Oro har, erosketa-zerbitzu berritzaileak sortzera bideratuta gaudela azpimarratuko nuke. Enpresen kudeaketa erraztuko duten tresnak eta irtenbideak eskaintzea da helburua, askotariko esparruetan: energia, garraioa, arriskuen kudeaketa, digitalizazioa, lehengaien erosketa, etab. Bereziki nabarmentzen dut, zerbitzu horiek enpresen arteko lankidetzatik sortzen direlako eta erosketen kudeaketa optimizatzeko aukera ematen dietelako. Era berean, energia berriztagarria sortzeko bultzada irmoa azpimarratuko nuke; izan ere, ATEGIk EKIAN proiektuan parte hartzen du, Euskadiko energia fotovoltaikoko planta handiena.15 enpresak (14 kooperatiba eta S.L. bat) Parke Fotovoltaiko bat erosi eta abian jarri berri dute.
Eta gogora ekarriko nuke, halaber, COVIDaren garaia, guztiok tenkatu gintuena, eta ATEGI funtsezkoa izan zena hornidura-katea merkatutik oso beherako kostu-mailarekin ziurtatzeko.
Zer egin behar du enpresa batek zuekin lan egiteko?
ATEGIren webgunean aurki daiteke Arrasateko bulego nagusiarekin edo munduko edozein bulegotan gurekin harremanetan jartzeko informazioa. Bertan, beren beharrak ezagutaraz diezazkigukete eta harremana egin.
Zein da zuen asmoa GARAIA Parke Teknologikoan?
Gure “aletxoa” ematea. Parke teknologikoak ekosistema dinamikoak dira, eta lankidetza eta berrikuntza sustatzen dituzte; hain zuzen ere, gure nortasun-ezaugarriak, gure kasuan, erosketen eta hornidura-katearen esparrukoak dira.

Nola ikusten duzu egungo jardueraren etorkizuna?
Nazioarteko testuingurua ezegonkorra da, egoera ekonomikoagatik eta lidergo geopolitikoen eztabaidagatik. Gero eta inpaktu ohikoagoak eta larriagoak daude hornidura-kateetan. Beraz, funtsezkoa da azkar egokitzea, are gehiago, aurrea hartzea, proaktiboa izatea.
Ildo horretan, joan den uztailean ekin genion 2025-2028 Plan Estrategikoaren hausnarketari, eta horrek markatuko du gure ibilbide-orria, aldi honetarako funtsezko erronka ardatzak eta aurrerapen-ildoak zehaztuta.
Zeintzuk dira zuen enpresa definitzen duten 2-3 gako-hitzak?
Partner espezialista, interkooperazioa eta hurbiltasuna.