Abangoardiako soluzioak “zero akats” eta bibraziorik gabeko fabrikaziorako

43 entitate batu dira FIRST LEGO League Euskadi Programaren 17. edizioa babesteko
12 February, 2026
KREAN + ZAHA HADID taldea hautatua izan da Illunbeko Erabilera Anitzeko Pabilioi Berriaren Ideia Lehiaketaren 2. faserako
17 February, 2026
43 entitate batu dira FIRST LEGO League Euskadi Programaren 17. edizioa babesteko
12 February, 2026
KREAN + ZAHA HADID taldea hautatua izan da Illunbeko Erabilera Anitzeko Pabilioi Berriaren Ideia Lehiaketaren 2. faserako
17 February, 2026

Abangoardiako soluzioak “zero akats” eta bibraziorik gabeko fabrikaziorako

Fabrikazio aurreratuan, doitasun handiko pieza baten eta hondatutako baten arteko aldea mikrometro gutxitan neurtzen da. Makina edo prozesuaren bibrazioek eragindako inperfekzio horiek identifikatzea eta zuzentzea funtsezkoa da sektore aeroespazialean, garraioan edo energian bezalako arloetan produkzioa bultzatzeko.

Testuinguru honetan, IDEKOk 2026ko BIEMHen (Makina-Erremintaren Nazioarteko Bienala) zehaztasun-industriaren buruhauste handienetako bi konpontzera bideratutako proposamen teknologikoa aurkeztuko du: kontrolik gabeko bibrazioak eta piezen azaleko inperfekzioak, ohikoan “marka” gisa ezagutzen direnak.

Alde batetik, IDEKOk doitasun handiko artezketa-prozesuetan azaleko markak zuzentzeko eta texturizazio-teknologiak aplikatzeko aurretik eta ondoren lortutako emaitzak erakutsiko ditu.

“Azaleko markak askotan mikrometro bat baino txikiagoak dira, baina errodamendu edo motor aeronautiko baten errendimendu funtzionala hondatu dezakete”, nabarmendu du Jokin Muñoa doktoreak, IDEKOko zuzendari zientifikoak.

Erronka horri aurre egiteko, zentroak Fast Dressing Servo (FDS) teknologia garatu du. Artezketa-harria diamantatuz, piezetan testura kontrolatuak sortzea ahalbidetzen du, eta horrela propietate tribologikoak hobetzen dira; lubrifikazioa optimizatuz, higadura eta marruskadura %30eraino murriztea lortzen da.

Metodologia honek eskuzko prozesu eta errepikakortasun txikiko teknikak, hala nola floreteatua, ordezkatzen ditu, soluzio automatizatu, eraginkor eta ergonomiko baten bidez.

Horrez gain, IDEKOk Virtual Vibration Absorber (VVA) aktuatzailea garatu du, zehaztasun handiko makinetan sortzen diren bibrazio behartuak ezabatzeko. Horrela, energia edo aeroespazio bezalako sektoreetan “zero akats” helburua bermatzen laguntzen du.

Chatter arazoak

Bestalde, zentroak BIEMHen parte hartzea baliatuko du chatter arazoak diagnostikatzeko eta neurri zuzentzaileak aplikatzeko dituen soluzioak aurkezteko.

Mandrinatzeko barra batek IDEKOren bibrazio-amortiguazio teknologia integratuko du, barruko mandrinatze edo torneaketa eragiketetarako soluzio alternatibo antibibratorio gisa.

“Prozesu horietan, tresnaren neurriak mekanizatu beharreko zuloaren geometriak baldintzatzen ditu. Horrek sarritan esbeltezi handiagoa eragiten du, eta, ondorioz, bibrazioak garatzeko joera handiagoa”, azaldu du Harkaitz Urreta, IDEKOko merkatu zuzendariak.

Gailua gai da mekanizazioan sortzen diren bibrazioak konpentsatzeko, IDEKOn diseinatutako amortiguagailu propio baten bidez. Amortiguagailu honek irtenbide eraginkor eta ekonomikoa eskaintzen du barraren bibrazioa xurgatzeko, eta, gainera, tresnaren beraren atxikipen-sistemaren zurruntasun faltak arintzeko aukera ere ematen du.

Chatter arazoaren aurkako eskaintza Dynamic Workpiece Stabiliser (DWS) familiak osatzen du; teknologia propio honek mekanizazioan sortzen diren bibrazio autoexzitatuak ezabatzen ditu, bereziki pieza edo tresneria malgu edo zurruntasun txikikoetan, zeinak produktibitatearen eta kalitatearen muga nagusietako bat diren material-hustuketako prozesuetan.

Azkenik, IDEKOk DynAQ tresna eramangarria aurkeztuko du BIEMH 2026an. Hardwarea eta softwarea uztartzen dituen plataforma honek bibrazio arazoak neurtu, diagnostikatu eta konpontzea ahalbidetzen du, makinen eta ekoizpen-ekipoen eraginkortasuna, fidagarritasuna eta eskuragarritasuna hobetuz.

Plataformak sentsore desberdinetatik seinaleak jasotzen ditu, denborazko bilakaera erakusten du eta analisi espektalak modu errazean egiten ditu. Soluzio intuitibo, arin eta interaktiboa da, makina-dinamikako ezagutza maila edozein dela ere, teknikarientzat erabilera azkarra ahalbidetzeko diseinatua.

IDEKOren soluzio guztiak BIEMH 2026ko 1. pabiloiko E20 standean ezagutu ahal izango dira, martxoaren 2tik 6ra bitartean, Bilboko Bilbao Exhibition Centre (BEC) azoka-gunean.

Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zeure burua ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.

Gure cookie politikari buruzko informazio gehiago.