Oretek1

Oretek firmari Virtual Commissioning-erako egindako VCSim proiektuagatik eman diote saria; software produktu bat da, automatizazio lerro bat martxan jartzen laguntzeko, simulazioko teknologien bitartez.

ABBk eta Iraunkortasunaren Bikaintasun Klubak digitalizazioko praktikarik onena aitortzen duten ABB Sarien I. edizioaren emaitza jakinarazi dute, joan den abenduaren 10ean Madrilen egindako ekitaldi batean; sariekin teknologia digitalak garatzen eta aplikatzen diharduten erakunde publiko eta pribatuen lana errekonozitu nahi da.

Sarien lehen edizioko sari banaketaren buru Angeles Heras izan da, Unibertsitate, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Idazkaria, eta bere ondoan izan dira Marc Gomez, ABBko Espainiako eta Portugalgo kontseilari ordezkaria, eta Juan Alfaro, Iraunkortasunaren Bikaintasun Klubeko idazkari nagusia.

Silvia Nieto Oretekeko kofundatzaile eta CEOk jaso du saria enpresaren izenean, VCSim proiektuagatik; proiektua Virtual Commissioningerako egindako simulagailu bat da, software bat, zeinak automatizazio sistema bat kontrolatzen eta ikuskatzen duen softwarea martxan jartzen duen, proiektuaren hasierako faseetan diseinuko akatsak eta erroreak detektatzeko, eta, ondorioz, benetan martxan jartzeko behar den denbora murrizteko. Horrenbestez, ingurumenerako onuragarria da, eta abantaila sozialak eta ekonomikoak eragiten ditu.

ABBk eta Iraunkortasunaren Bikaintasun Klubak Espainia osoko 70 proiekturen artean beste 4 irabazle ere aukeratu dituzte gainerako kategorietan, hau da, Siro Taldea, Sand Consulting, Albaceteko Diputazioa eta Deustuko Unibertsitatea-Egibide.

 

Oretek Bind 4.0ko finalista

 Oretek, halaber, finalista aukeratu dute BIND 4.0 startupen azeleragailu programaren hirugarren edizioan; nazioarteko egitasmo hori Eusko Jaurlaritzak eta SPRI taldeak gidatzen dute, eta xedea da startup onenen garapena bultzatzea, 4.0 industriako teknologia berrietan oinarrituta, manufaktura aurreratuaren, energiaren eta osasunaren esparruetan aplikatzeko.

About the author